Wednesday 16 December 2009

Lujanbiok jantzi du txapela lehen aldiz final gogoangarri batean!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!


Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi du, BECen jokatutako finalean. Emozioz eta kalitatez beteriko saioan, azken buruz burukoan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio izan dira nor baino nor. Lujanbio Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea da.

Saioa ederra izan da, eta bertsozaleek ia zoratzeraino gozatu dute oholtza gainean entzundakoarekin. Lujanbio eta Arzallusek maila bikaina erakutsi dute. Azkenean, Jon Maiak egin du hirugarren.

Andoni Egañak bertsolari gazteenen indarraren aurrean amore egin behar izan du eta erreleboa gertatu da. Azkenik, laugarren egin du txapeldun handiak eta esana zuen moduan aurreratu du ez dela berriz arituko Txapelketan. Egañak entzuleen babesa eta maitasun adierazpenak jaso ditu etengabe.

Iragarrita zegoen moduan, lepo bete da Barakaldoko BEC aretoa, 14.500 lagunek segitu dute finala bertatik bertara. Eta etxean sarrerarik gabe direnek ere ez dute aukera galdu nahi izan eta telebistaz izugarrizko jarraipena izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak.

Areto barruan, giroa itzela izan da. Zutituta eta txalo zaparrada handi batez hartu dituzte ikusleek zortzi finalistak. Bertsolarien jarduna etengabeko txaloez eskertzeaz gain, hainbat momentutan BEC osoak olatu ezaguna egin du.

Sailkapena:

Maialen Lujanbio 1630,75 puntu.
Amets Arzallus 1582 puntu.
Jon Maia 1060 puntu.
Andoni Egaña 1058 puntu.
Unai Iturriaga 1046,25 puntu.
Sustrai Colina 1037 puntu
Aitor Mendiluze 1009,25 puntu.
Aitor Sarriegi 983,75 puntu.

No comments: